Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak Zinema Eskolen Nazioarteko VII. Topaketa antolatu dute. Munduko txoko guztietako formakuntza zentroetara zabaltzen den lehenbiziko urtea da hau.
Topaketaren helburua ikus-entzunezkoak lantzen dituzten gazteei laguntzea da, beren lanak erakusteko toki bat eskainita. Bertan, forma narratibo berrien inguruan eztabaida eta gogoeta pitz ditzakete, edo zinemagintzaren pedagogian izandako aldaketen, teknologia berrien erabileraren edo kulturak nazioartekotzeko prozesuen inguruan eztabaida sortzen sustatu.
200 film labur ingururen artean, 15 film aukeratu dituzte, munduko 14 zinema eskola ezberdinetakoak. Epaimahaia parte hartzen duten eskoletako ikasleek osatuko dute, eta Amos Gitai israeldar zuzendaria (Kadosh, Eden, Free Zone) izango da mahaiburua. Horien guztien artean hautatuko dute aiTe (Espainiako ikus-entzunezko industria teknika elkartea) saria nori esleitu.
Hori baino lehen, hilaren 24an, Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketako ikasleek eta Zinemaldiko beste profesional gonbidatu batzuek aiTe [(ciNe + U2)* 3D) delakoak antolatutako mintegiaz gozatzeko aukera izango dute.